ComCenterDisclaimer / NoResponsabilidadBKA

Interreligious and Intercultural Dialogue Congress, Bilbao-2005

BKA Team
ERRONKA BERRIAK BAKE-GRINA DUEN MUNDUAN

Biltzarrean eta horren ondoko mintegietan sortu diren parte-hartze eta eztabaida ugariek bultzatuta eta biltzarra antolatzeko arrazoiak kontuan harturik, antolatzaileok funtsezko zenbait elementu azpimarratu nahi ditugu. Izan ere, elementu horiek biltzarrean egindako lanari esker gauzatu dira, eta horiek izan behar dute ardatz nagusiak guztion etorkizunerako garrantzitsuak izango diren kulturen eta erlijioen arteko elkarrekintzarekin lotutako erabakiak hartzean eta hautaketak egitean.

  1. Sufrimendua nahitaezkoa da gizaki ororen bizitzan; hala ere, gizarte-desberdintasunek eta egitura bidegabeek eragindako sufrimendua ez da saihestezina. Desberdintasunak jasaten dituzten biktimak aintzakotzat hartzen ez badira eta bidegabekeria horri aurre egiten ez bazaio, bake-grinak nekez bideratu ahal izango du aipatutako bidegabekeria horren aurkako ezinbesteko borroka. Mundu zabalean dagoen erlijio- eta kultura-aberastasuna ikusirik, arazo horiek bake-bidetik konpontzeko baliabideek ugariak dirudite; alabaina, aniztasun horrek berak sarritan larriagotu egiten ditu arazoak.
  2. Kultura- eta erlijio-aniztasuna ez da jada estatuen arteko mugen bidez definitzen. Egungo gizarteko egitura aldakorrek, batez ere munduko hirigune handietan, gero eta gehiago hedatzen dute aniztasun hori. Ekonomia globalaren izaerak areagotu egin ditu migrazio-mugimenduak eta, horrekin batera, hainbat kulturatako eta erlijiotako pertsonek elkarrengandik hurbil bizi behar dute. Egoera horrek hainbat liskar eta arazo sorrarazten ditu sarritan, talde bakoitzak bere nortasunari eutsi nahi baitio, “bestearen” aurrean. Norberaren nortasunari eusteko ahalegin horretan, beste taldeen berezko eskubideak eta nortasunak urratzen dira sarritan.
  3. Aniztasunak nortasuna eta elkarte-zentzua galtzeko beldurra pizten ditu, eta badirudi gainera bakoitzaren berezko sinismenak eta ikuspegiak ere zalantzan jartzen dituela. Hala eta guztiz ere, guztiok dakigu aniztasuna bizitzaren berezko eta oinarrizko gertakizuna dela, baita giza bizitza hobetzeko ezinbesteko baldintza ere.
  4. Ez da nahikoa kultura eta erlijio askoko gizarte batean elkarrekin bizitzeko modua bilatzea, elkarrenganako onarpena oinarri hartuta. Bereizten gaituzten desberdintasunak hormaz inguratutako ghetto bihurtuz gero, bakea hauskorra izango da beti. Gainera, beti izango da ezkutuan egonda ere irmoki finkatuta dauden etsaitasunak gogortasun handiz edo txikiz agertzeko arriskua.
  5. Behar-beharrezkoa da guztiontzako oinarri unibertsal bat, egungo munduko arazo etikoak konpondu ahal izateko. Alabaina, benetan unibertsala izateko, oinarri horrek barne hartzen dituen herri guzti-guztietako aniztasuna islatu beharko du, horiek ezagutzera emateaz harago. Hori ziurtatzeko modu bakarra ahots guztientzako adierazpen-foru bat sortzea da. Espiritu horixe da beharrezkoa kultura eta erlijio guztiak elkartu eta hitz egin dezaten.
  6. Elkarrizketa ez da aditu-talde batentzako luxu bat; aldiz, ezinbestekoa da gizarte-ordena berria bake-bidetik lortzeko. Izan ere, behar-beharrezkoa da elkarrizketa gizarteko maila guztietan eta beharrezko modu guztietan garatzea.
  7. Hala ere, elkarrizketak gizartearen aniztasuna islatzen duen neurrian, normala da hori garatzean desorekak eta aurreiritziak sortzea. Beraz, elkarrizketarekin batera, horren arrazoiei, helburuei eta arauei buruzko arrazoizko susmoa ere beharrezkoa da.
  8. Horrekin batera, elkarrizketarako deia ez da egoera jakin batzuetara mugatu behar; hau da, elkarrizketa ez da soilik gizartean sortzen diren arazoak konpontzeko erabili behar. Elkarrizketak bihotzen eta bizimoduen aldaketa ekarri behar du, eta, hori lortuz gero, lagungarria izango da guztiontzako oinarri bat finkatzeko. Gizarteko talde guztiek oinarri horren gainean eraikiko dute guztiontzako etorkizuna.
  9. Kultura- eta erlijio-aniztasunean oinarritutako gizarteak lortzeko mugimendua bultzatu eta sustatu behar da. Zailtasun guztien gainetik espiritu horri eusteko ardura hezitzaileengan, gizarte zibileko talde nahiz elkarte guztiengan eta erlijio-buruzagiengan dago, bereziki. Bestalde, gizarteko gobernariei dagokie espiritu hori erreforma zehatzetan eta egiturazko erreformetan islatzeko lana, aurreko eragileak ere kontuan hartuz. Alabaina, kulturen eta erlijioen arteko elkarrizketaren emaitzak eguneroko bizitzako ohiturak eraldatuz loratuko dira, batez ere.

    Bilbaon, 2005eko abenduaren 17an


    Bilbao, 17 December 2005
    Barandiaran Kristau Alkartea – Pax Romana (International Catholic Movement for Intellectual and Cultural Affairs)
    UNESCO Etxea

ComCenter  •  Home