Erronka berriak bake grina duen munduan


•congressComcenter•

Helburua:Bakea - Abiapuntua:Alkarhizketa

Euskara
Euskera                Español                    English                Francaise


Nazioarteko Komunitatearen gaur egungo lehentasunetariko bat giza komunitate edo zibilizazio desberdinen artean elkarrizketa bultzatzea da. Komunitate horiek bat etortzea errazteko, elkarrizketa da bide bakarra. Elkarrizketa bide horretan, ordea, era guztietako zailtasunak daude.
Lehenengo zailtasuna egia edo errealitatea ulertzeko era desberdinak dituzten taldeen arteko desadostasun historikoak dira. Mendeetan zehar garatu izan denez, zailtasun hori ezin daiteke borondate hutsarekin gainditu, ezta berehala ere. Gatazkaz jositako historia horretan, gaur egungo pentsamoldearen euskarri diren errezeloak, susmoak eta mesfidantzak gainditzeko, nahitaezkoa da elkar ondo ezagutzea eta batak bestearen egoera ulertzea.
Ez dago iritzi bakar orokorrik gatazka historikoak eragiten dituzten faktoreen ezaugarriei buruz. Mendebaldean -bereziki XVI. eta XVII. mendeetako erlijio gerrak jazo zirenetik- garatutako pentsamendu joera baten arabera, gatazka horien arrazoi nagusia erlijioa da. Joera horrek, nolanahi ere, erlijioa eremu pribatura mugatzen du, eta, beraz, ez dio inolako dimentsio publikorik egozten; batzuetan, fundamentalismo laiko ere bihurtzen dela esan daiteke. Haatik, pentsamolde horri erantzunez, erlijioak balore publikoa duela defendatzen du munduko biztanleriaren talde handi batek. Horiek, batzuetan, fundamentalismo erlijiosoen sorburu izan dira.
Faktore erlijiosoaren interpretazioei buruzko eztabaida horri lotuta, elkarrizketa estrategia desberdinak garatu dira. Batzuen ustez, zibilizazioen arteko elkarrizketa kulturan oinarritu behar da; horrela, erlijio desberdinen unibertso sinboliko-afektiboen Pandoraren kutxa irekitzea eragotz daiteke; hau da, zama sentimental historiko handiko unibertso sinboliko-afektibo horiek azaleratzea. Beste batzuen ustez, erlijioen arteko elkarrizketak berebiziko garrantzia du, hain zuzen ere erlijioak eragin nabarmena duelako zibilizazio guztien azken baloreetan eta motibazioetan. Hori kontuan hartu gabe, elkarrizketa guztiak nolabaiteko arinkeriaz egingo dira. todo diálogo adolecerá de una cierta superficialidad.
Bigarren zailtasuna nazioarteko komunitatearen beraren baitan dauden zatiketak dira. Munduko edo gizarteko ikuspegi desberdinen artean edo herrialde desberdinen artean sor daitezkeen gatazkei aurrea hartzeko, ez dago estrategia komun bat ezar dezakeen autoritate konpartiturik. Gaur egun -XIX. mendean sortu ziren bi ideologia bloke desberdinen desagerpenaren ondoren- identitate faktore berriak sortzen ari dira (antropologikoak, kulturalak, historikoak eta erlijiosoak). Eta faktore horiek bihurtu dira bloke berrien muin nagusi; hain zuzen ere, beren lekua aldarrikatu, nazioartean onespena jaso eta botere kuota jakin bat lortu nahi duten blokeen muina. Identitate faktore horiek eragindako mugimenduek egonkortasuna kolokan jar dezaketela uste dute nazioartean ongien kokatuta dauden herrialdeek. Mugimenduak eragiten dituztenek, berriz, beren burua mugimendu askatzailetzat dute, aurretik inposatutako ukapenetatik askatzen dutenak, eta, beraz, bizi iraupenerako eta garapenerako beharrezkoak.
Horrek guztiak "identitatea" ulertzeko moduaren arazoa dakarkigu. Ez dago argi giza talde batek berea bakarrik den identitaterik eduki ote dezakeen. Historiak erakusten digu mendeetan zehar zibilizazioak eta erlijioak etengabe nahasi izan direla; beraz, edozein kulturatako edo zibilizaziotako identitatea prozesu etengabe eta konplexu baten emaitza da, eta era askotako identitateek eragin dute elkarrengan etengabe. Ikuspegi horretatik, badirudi identitate zehatz bati edota baloreetan oinarrituriko esentzialismo bati atxikitzeak beldurra baino ez duela adierazten, itxuraz desberdinak direnenganako beldurra, eta ez dituela elkarren artean egon daitezkeen berdintasunak kontuan hartzen.
Bada arrisku hori saihesten lagun dezakeen gertakari berri samar bat: herrialdeen arteko eta kontinenteen arteko mugimendu migratzaile itzelak (herrialde garatuetara edo azkar garatzen ari diren herrialdeetara, batez ere); horiek direla eta, zenbait herrialde kulturaniztasuna eta erlijioaniztasuna garatzeko laborategi paregabe bihurtu dira. Errealitate horrek zibilizazioen arteko topaketei buruzko ikuspegia irekitzen du, zibilizazioen arteko topaketak kultur elkarrekintza eta erlijio elkarrekintza itxaropentsua sortzen baitu; hori guztia duela gutxi arte kultura homogeneoa zuten herrialdeen baitan gertatzen da. Eguneroko elkarrekintzaren ondorioz, identitate homogeno horiek askotarikoak bihurtzen ari dira, eta askotariko identitate horientzat, funtsezkoa da elkarrekin gizarte proiektu komun bat eraikitzea, gutxiengoak eta horien eskubideak onartuko dituen proiektu bat, alegia.
Azaldutako gertakariei buruzko egungo eztabaiden artean, bada nabarmentzen den bat: kulturaniztasunetik eta erlijioaniztasunetik kulturartekotasunera eta erlijioartekosunera nola aurreratu, tokian-tokian nahiz mundu mailan. Eztabaida horren baitan kontzeptu konplexuak biltzen dira, eta, batez ere, errespetua eta egiazko nahiz pazientzia handiko elkarrizketa dira beharrezkoak. Eztabaida horretan bi gauza daude argi. Lehenik, proiektu komun bat eraikitzeko, desberdinak direnek bata bestearen egoera ezagutu eta ulertu behar dutela. Bigarrenik, desberdintasuna benetan errespetatuz gero gizartea ez litzatekeela elkarrengandik aldendutako ghetto desberdinetan banatuko.
Talde desberdinek beren arteko diferentziak (diferentzia politikoak, kulturalak, erlijiozkoak, etab.) direla-eta elkarren aurka jarduteak, sarritan, egia garrantzitsu bat ezkutatzen du: funtsean antzekoak diren baliabideak eta balore espiritualak partekatzen dituztela, alegia.
Oinarri horiek kontuan harturik, biltzarrak gai horiek aztertzeko plataforma bat eskaini nahi du, beste biltzar batzuetako ondorioak kontuan hartuz, eta baita gai horiei buruzko deklarazioak ere; esate baterako, Tolerantziari buruzko 1995eko UNESCOren Deklarazioa, Kulturaniztasunari buruzko 2000ko UNESCOren Deklarazioa eta Zibilizazioen arteko Elkarrizketarako Agenda Globalaren 2001eko Ekintza Programa, besteak beste.