ComCenterDisclaimer / NoResponsabilidadBKA

Interreligious and Intercultural Dialogue Congress, Bilbao-2005

BKA Team
Biltzarrari buruzko txosten laburra

2005eko abenduaren 11tik 13ra bitartean, “Erronka berriak bake grina duen munduan” kulturarteko eta erlijioarteko elkarrizketari buruzko nazioarteko biltzarra izan da Bilbaoko Euskalduna Jauregian. Horixe izan da, hain zuzen, ezaugarri horietako lehen topaketa EAEn.

Biltzarraren aurretik, 6 eguneko programa trinko bat antolatu zen gazteentzat; 15 herrialdetako beste hainbeste gazte bildu ziren, kultura eta erlijio aldetik anitza den munduan hazteak dituen erronkak aztertzeko asmoz. Hainbesterainoko aniztasunean guztiontzako baliagarria den oinarri bat aurkitzea oso zaila dela egiaztatu zuten arren, saiakera horren aberastasunaz ere ohartu ziren gazteak. Azken adierazpenean, honako hau esan zuten: gizabanako bakoitzak bere eginkizuna duela nortasun itxiak eta munduko ikuspegi itxiak dakarten oztopo ikaragarria pausoz pauso gainditzeko. Talde horrez gain, Bilbaoko erlijioarteko foruak ere parte hartu eta lagundu zuen biltzarrean.

40 herrialdetatik etorritako 10 erlijio nagusietako eta 20 sinesbidetik gorako 500 lagun bildu ziren biltzarrean, hiru egunetan. Hainbat erlijiotako eta kulturatako pertsonek hitzaldiak eman zituzten eta, ondoren, mahainguruak antolatu ziren. Biltzarra lau gai-multzotan banatu zen. Lehen gai-multzoan –“Tradizioen barne-dinamikak: sustraiak eta dibertsitatea”–, tradizio bakoitzaren baitan dagoen aniztasuna eta horren garrantzia egiaztatu eta aztertu zituzten lehendabizi; ondoren, aniztasun horren ondoriozko arazoak ere aztertu zituzten. Bigarrenean –“Besteari laguntzea gatazka-egoera baten erdian”–, tradizioen arteko gatazken arrazoiak aztertzen hasi ziren eta, ondoren, horien arteko elkarrekintza-estrategiak aztertu zituzten, gatazkak gainditze aldera. Ondoren, hirugarren gai-multzoan, egungo egoera izan zuten hizpide “Kulturen eta erlijioen arteko elkarrekintzaren mehatxuak eta aukerak, bere baitan gero eta harreman gehiago dituen mundu batean” izenburupean. Gai-multzo horretan landutako bi alderdiak hauek izan ziren: kultura-aniztasunarekin lotutako estrategia zehatzak eta etorkin-elkarteen presentziak mundu guztian ekarri dituen gizarte-aldaketak. Azken gai-multzoaren izenburua honako hau izan zen: “Kulturaniztasunetik kulturartekotasunera: etorkizunerako bidea”. Lehenik eta behin, mundu globalizatuan justizia lortzeko estrategiak aztertu ziren eta, ondoren, kulturen eta erlijioen arteko elkarrekintza positiboaren bidez bakea lortzeko baliagarriak diren estrategiak bereizi zituzten partaideek.

Hitzaldi eta mahainguru horiez gain, 30 komunikazio ere aurkeztu ziren, honako gai hauek oinarri hartuta: biltzarraren gai orokorra; hezkuntza-erronkak kultura aldetik anitza den ingurune batean; eta poliziaren eginkizuna ingurune horretan, elkartearen zerbitzari gisa. Biltzarra amaitzean, hiru arlo horietako adituak bildu egin ziren bakoitza bere aldetik, aurreko saioetan agertutako alderdirik nabarmenenetan sakontzeko.

Hezkuntza-taldean, EAEko hezkuntza-sistemako hainbat zentrotako eta zerbitzutako –publikoak nahiz pribatuak– 16 pertsona bildu ziren. Horiekin batera, hezkuntzan eta kultura- nahiz erlijio-aniztasunean adituak diren Suitzako eta Ingalaterrako bi laguntzaile ere lanean aritu ziren taldearekin. UNESCOren helburua oinarri hartuta –pertsonak osotasunez heztea, bakea nagusi den mundu batean garatzeko, eta kulturartekotasuna eta erlijioartekotasuna sustatzea, bide horretan aurrera egiteko– taldeak honako hau egiaztatu zuen: ezinbestekoa dela pertsona eta talde guzti-guztiak kontuan hartzea, kultura-aniztasunaren aberastasunari etekina ateratzeko, bizikidetza hobetzeko eta goi mailako ikaskuntzak lortzeko. Horretarako, funtsezkoa da adostasuna eta elkarrizketa gatazkak gainditzeko tresna modura ezagutzea eta garatzea, haurrak txikiak direnetik. Hala ere, eskolak ezin dio kulturarteko bizikidetza-lan horri bakarrik aurre egin. Izan ere, familia eta beste zenbait eragile behar-beharrezkoak dira helburu hori lortzeko, eta oinarrizko akordioak lortu behar dira horiekin guztiekin; erabatekoak ez badira ere, akordio horiek ahots guztiak barne hartu eta norabide berdinean aurrera egiteko aukera eman behar dute. Horretarako, bestearen nortasuna aintzakotzat hartu eta bere azalean jarri behar da, pertsona horrek onarpena sentitu eta bere beldurrak eta estereotipoak gaindi ditzan.

Bizikidetza –hots, elkarrekin bizitzen ikastea– ezin daiteke ikasgeletako ikasketa instrumentaletatik banandu; aldiz, ikasketa horien prozesuak berak kulturarteko bizikidetza indar dezake. Alde horretatik, eskolako eremu guztiak bizikidetzarako eta ikasketarako eremu bihur daitezke. Ikasgela jolastokiarekin osatzen da, azken hori eremu pribilegiatua baita elkarrekin bizitzen ikasteko, jatorri desberdinetako jendea ezagutzeko eta kultura-, erlijio- eta genero-aniztasuna errespetatzen dituen inklusio- eta berdintasun-kultura bultzatzeko. Harrera-gizarteko hizkuntzak ikastea ikasle heldu berriaren integrazioaren baitan dago, bai ikasgela barruan, bai ikasgelatik kanpo. Izan ere, ikasle heldu berriak bere sinesmenak, kultura eta hizkuntza balioesten direla sentitzeaz gain, beharrezko neurri guztiak jartzen direla ere ikusi behar du, eskolan behar bezala aritu ahal izateko. Hori guztia lortzeko, elkarrizketarako uneak eta lekuak prestatzea tresna baliotsua dela dirudi, ikasle bakoitzak bere sinesmenen, balioen, interesen eta abarren berri emateko aukera izan dezan.

Poliziako 15 kideak Ertzaintzatik, Bilbaoko Udal Polizia Zerbitzutik, Basauriko Udal Polizia Zerbitzutik, Kataluniako Mossos de Escuadra zerbitzutik eta Nordrhein-Westfaliako (Münster-Alemania) Prestakuntza Akademiatik etorriak ziren, eta polizian eta aniztasunean aditua den laguntzaile batekin aritu ziren lanean. Talde horren lanaren eta eztabaidaren ondorioz, geroz eta anitzagoa den gizarte batek –bai kultura-arloan, bai erlijio-arloan– mahaigaineratzen dituen erronka berriak azpimarratu zituzten lehendabizi. Gutxiengoekin dituzten harremanak gehienetan gatazka-egoeretan gertatzen direla egiaztatu ondoren, polizia guztiek honako hau adierazi zuten aho batez: behar-beharrezkoa dela talde horiekiko estereotipoak bertan behera uztea, ohiko gatazka-sortzaile modura ikusten baitira sarritan. Pertsona guztiak inpartzialtasunez eta desberdintasunak errespetatuz tratatu behar direla hitzartu ondoren, partaideek honako hau ere adostu zuten: poliziaren lana herritar guztion aurrean egiten dela eta, ondorioz, lan horrek eredugarria izan behar duela. Hau da, poliziaren lanak erakunde publiko guztientzako eredu izan behar duela: funtsezko giza eskubideak babesteko moduaren eredu, hain zuzen. Aldi berean, gutxiengo horien artean poliziaren irudi jakin bat eman behar da; herritar guztien zerbitzura dagoen poliziaren irudia, poliziarekiko sor daitezkeen aurreiritziak bertan behera uzteko. Alde horretatik, taldeko kide guztiek beharrezkotzat jo zuten gutxiengoek beren ordez hitz egin dezaketen pertsonen laguntza izatea. Gainerako bide guztiek porrot egin dutenean erabiltzen den baliabidea izan beharrean, poliziak elkarlan-estrategia bat garatu behar du gainerako gizarte-eragileekin, gatazkei aurrea hartu ahal izateko.

Hori guztia lortzeko, poliziak biztanleriaren heterogeneotasuna behar bezala islatzen duen lantaldea bildu behar du. Beharrezkoa da poliziek kultura- eta erlijio-desberdintasunekiko sentsibilitatea izatea; baita gutxiengoak hezteko beharrezko pausoak ematea ere, poliziak haiekiko duen eginkizuna ondo uler dezaten. Halaber, talde guztiek bidezko tratamendua izan behar dute gizarte-komunikabideetan, eta eskubide hori bermatu egin behar da.

Biltzarreko gai orokorra 35 adituren artean eztabaidatu zen, eta hitzaldietako eta mahainguruetako alderdi nabarmenenetan sakondu zuten gehienbat; hala ere, eztabaidak askotarikoak eta oso aberatsak izan ziren. Aniztasunak tradizio bakoitzaren baitan eta erlijioen artean elkarrizketarako dakartzan oztopoei buruzko azterketa zehatzagoa egitean, adituek honako ondorioa atera zuten: oztopo ugarik ez dutela erlijioarekin zerikusi zuzenik; aitzitik, faktore psikologikoen, sozio-ekonomikoen, politikoen eta historikoen ondorio direla. Ondoko hausnarketak agerian utzi zuen pertsonen arteko elkarrizketarik eza ez dela pentsaera estu, itxi edo sektario baten ondorioa soilik; aldiz, elkarrizketarik ezak nortasuna galtzeko beldurrarekin ere badu zerikusirik, baita elkartea apurtzeko, autoritatea galtzeko eta zalantzaren ondorioz fedea ahultzeko beldurrarekin ere.

Eztabaidarako beste gai bat globalizazioaren ondoriozko erronkak izan ziren. Prozesu horretan, erlijioek ezin dute erantzutera mugatu; aldiz, globalizazioaren egungo fasea moldatzen parte hartu behar dute, fase hori erantzukizun etikoaren printzipioaren arabera bidera dadin. Hori guztia agerian uzten duten adibide zehatz hauek aztertu ziren: etorkin-gutxiengoen diskriminazioa, sexu-esplotaziorako haurren eta emakumeen trafiko neurrigabea, kontsumo-ereduen eta natura-baliabideen kudeaketarako ereduen inposaketa. Azken eredu horiek ezinbestekotzat aurkezten dira, gainera, gizarte globalaren baitan; tokiko gizarte-egiturak, teknologiak eta balioak alde batera utzita.

Aditu guztiek adierazi zutenez, erlijioek, haraindiko dimentsioak duen indarra eta morala dela medio, oso baliabide baliotsuak dituzte egungo gizartearen oinarriak etikan finkatzeko, globalizazio-prozesuaren baitan gizatasuna kentzen duen indar orori aurre egiteko eta guztiontzako bakea eta justizia sustatzeko. Hala ere, erlijio guztiek eta, batez ere, sendo finkatutakoek eta dotrinaren aldetik sofistikatuek kontu handia izan behar dute “besteak” ez baztertzeko. Joera hori baretzen ez den bitartean, arrazoi publikoan eta inklusiboan oinarritutako hausnarketak eta pertsona guztientzako herritar-gunea eraikitzeko ahaleginak (elementu horiek osatzen dute, hain zuzen, elkarrizketaren benetako arima, eta erlijioaren alderdi onenetakoak dira) areagotu egiten dituzte dagoeneko izan badiren gatazkak, eta indargabetu, berriz, erlijioen bakea sustatzeko eginkizuna.

Bilbaon, 2005eko abenduaren 17an


Barandiaran Kristau Alkartea – Pax Romana (International Catholic Movement for Intellectual and Cultural Affairs)
UNESCO Etxea

ComCenter  •  Home